HUHEZI-ren Eskoriatzako Fakultatean dagoen Dorleta eraikinaren eraberritzearen barruan, 1.800 m2-ko eraikin berri bat egin da, solairu bakarrean. Bertan egongo dira, besteak beste, 140 pertsona hartzeko egokitutako erabilera anitzeko aretoak eta KoLAB laborategia, hots, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gizarte digitalaren testuinguruan bultzatuko duen hezkuntza berrikuntzarako zentro berria. Ikertzeko, esperimentatzeko, ezagutza sortzeko eta transferitzeko topagunea izango da KoLAB, gizarte digitalean hezkuntzaren gaitasun eraldatzailea bultzatu guran. Fagor Taldeak, Gizabidea Fundazioaren bidez, milioi bat euro bideratzeko konpromisoa du hartua, proiektua aurrera eroateko HUHEZIrekin sinaturiko hitzarmenaren markoan.