Title Image

Dagoeneko jarria dago HIREKIN berrikuntza eta ekintzailetza zentroaren lehen harria

Dagoeneko jarria dago HIREKIN berrikuntza eta ekintzailetza zentroaren lehen harria

Astelehenean eginiko ekitaldiak irudikatu duen gisara, HIREKIN berrikuntza eta ekintzailetza zentroak hasia du bere bidea. Hain zuzen ere, 8 milioi euroko inbertsioa eskatuko du industriaren deskarbonizazioa eta digitalizazioa sustatzeko bitarteko izan gura duen ekinbide berriak; eta, besteren artean, 2 milioi euroko laguntza jasoko du Gizabidea Fundazioaren eta Fagor Taldearen partetik. “Komunitatea ahalduntzeko bitarteko da hezkuntza. Hala ulertu zuen Jose Maria Arizmendiarrietak duela laurogei urte, bailarako gazte guztiei ikasketarako aukera zabaltzeko konbikzioz. Orduan hasi zen bidea, eta HIREKINen lehen harriak urrats berria dakarkio bide horri”, azaldu du Joxean Alustiza Usandizaga Gizabidea Fundazioko eta Fagor Taldeko lehendakariak. Aurreikuspenen arabera, 2024aren erdialderako legoke bukatua berrikuntza eta ekintzailetza zentro berria.

Egitasmoaren esanguraren adierazgarri, asko izan dira ekitaldian esku hartu duten Arrasateko, Gipuzkoako, EAEko eta Espainiako Estatuko erakunde publikoetako zein Arrasateko kooperatibetako ordezkariak. Bada, proiektuaren inguruko azalpenek eta zenbait ordezkariren hitzartzeek eman diote hasiera hitzorduari; eta, hori eginda, bertaraturiko hainbatek, esanguraz beteriko objektuak sartu dituzte eraikinak oinarrian eroango duen kutxan -harekin irudikatu dute eraikinaren lehen harria-. Tartean, Hazia musikaleko kartela sartu du Gizabidea Fundazioko eta Fagor Taldeko lehendakariak, Jose Maria Arizmendiarrietari eta Arrasatek Esperientzia Kooperatiboaren erroei keinu eginez. Oro har, sinbologiaz beteriko ekitaldia izan da.

Iraunkortasuna, erdigunean

Arrasateko Uribarri auzoan (Gipuzkoa) egongo den 6.000 metro karratuko eraikinak ekintzailetza industrial zein teknologikoa, digitalizazioa eta iraunkortasuna ditu oinarrian, eta lagungarri izan gura du etorkizuneko erronkei behar moduko erantzuna emateko zereginean. Gainera, gizarteari zabaldurik egongo den espazio izango da HIREKIN, eta, berrikuntza eta ekintzailetza bultzatuko duten zenbait enpresa eta eragileekin elkarlanean, industriaren eraldaketa iraunkorra eta bidezkoagoa bultzatu nahian jardungo du, besteren artean, egungo industria isurtzeak gutxitzeko irtenbide berriak bilatuz eta ingurumenaren alorreko helburuekin bat datozen jarduera ekonomikoak sustatuz.

Ostera, eraikuntza iraunkorraren ERAS ziurtagiria eskuratuko du HIREKINek -material berrerabilgarriak eta biodegradagarriak erabiliko dira haren eraikuntzan-. Gainera, eguzki-plakak, energia-efizientzia hobetzeko sistema adimendunak, ur-efizientziarako eta ur-zikloa ixteko irtenbideak, eta inguruko industria-instalazioetako beroa berreskuratzeko sistemak izango lituzke eraikin berriak.