Title Image

Dorleta eraikin zaharberritua inauguratu du HUHEZIk

Dorleta eraikin zaharberritua inauguratu du HUHEZIk

Dorletako eraikin zaharberritua inauguratu du HUHEZIk, Mondragon Unibertsitatearen 2020/2021 ikasturte akademikoaren irekieraren atarian. Joxean Alustiza Gizabidea Fundazioko presidentea, Iñigo Urkullu lehendakaria, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua, Bixente Atxa Mondragon Unibertsitateko Errektorea eta Nagore Ipiña fakultateko dekanoa izan dira ekitaldian.

Elkarlan ibilbide luzea du Gizabidea Fundazioak Debagoieneko hezkuntza eragile kooperatiboekin, eta, oraingoan ere, kalitatezko hezkuntza kooperatiboa sustatzeko daukan konpromisoaren erakusgarri,  530.000 euroko ekarpena egin du MU-HUHEZIren eraikinaren zaharberritze-lanen finantzaziorako.

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen Eskoriatzako Campusean dago zentro berria, eta sei milioi euroko inbertsioa egin beharra egon da haren birmoldatze- eta handitze-lanetan. 1.800 metro karratuko instalazio berri bat ere egin da. Eraikin berri horren bitartez, gradu eskaintzak indartzeaz gainera, hezkuntzaren digitalizazioari bultzada emango dioten ikerketa proiektu ezberdinak sustatuko dira, beti ere, hezkuntza komunitatearekin batera.

Ikasle kopurua, goraka

Azken lau urteetan, % 25 handitu da Mondragon Unibertsitateko graduko ikasleen kopurua. Aurten, esaterako, graduko 1.500 ikasle berrik hasiko dute ikasturtea, joan den urtean baino % 5,5 gehiagok, alegia. Oro har, hezkuntza proiektu berritzaile, eraldatzaile eta kooperatiboan sakontzen lagunduko duen bitarteko paregabea izango da eraikin berria.